Pasaia Itsas Festibalak jaialdiaren hurrengo edizioa aurkeztu du Pasaian bildutako ehun bidaia-agenteren aurrean

DIT Gestion bidaia-agentzia independenteen kudeaketa-taldeak topaketa bat egin zuen joan den asteburuan Oarsoaldean, apirilaren 8tik 10era, euren bidaia-agentzia elkartuekin. Asteburuak iraun duen topaketaren barruan, trebakuntza-jardunaldi bat antolatu zen apirilaren 9an, larunbata, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan.

Turismoaren arloko profesional kopuru handi bat bertan zela aprobetxatuaz, eta Dit Gestioren gonbitari esker, Pasaia Itsas Festibalaren antolatzaileek parte hartu zuten Pasaiako badiako uretan datorren maiatzaren 26tik 29ra antolatuko den bigarren itsas festibala aurkezteko.

Lehenik eta behin, Pasaiako alkate eta Pasaia Itsas Festibaleko presidente den Izaskun Gomezek ongietorria eman zien jardunaldi horretan parte hartu zuten ehun lagun baino gehiagori. Gure kostaldera hurbilduko diren 150 ontzi tradizional baino gehiago eta Europako hainbat lekutako 800 tripulatzaile ikustera gonbidatu zituen. Pasaiako lau barrutietan, Pasai Donibanen, Pasai San Pedron, Pasai Antxon eta Trintxerpen, kultur eta gastronomia-ekitaldi ugari hartuko dituzten eremuak jarriko dira, lehorrean egingo diren jarduerak aurrera
eramateko.

Izaskunek azpimarratu zuen kultura eta turismoa batzen dituzten honelako proiektu eta ekimenak antolatzea beharrezkoa dela, batez ere Pasaiako Badian bezala, lurralde testuinguru konplexua duten eremuetan.

Horren erakusgarri dira, besteak beste, Pasaian abian jarritako proiektu batzuk -Albaola Itsas Faktoria, (XVI. mendeko San Juan itsasontziaren erreplika eraikitzen ari dira, UNESCOren babesarekin), Ostarte sailing eta haren belaontzi tradizionalak edo Mater Ontzi Museoa-, itsasoari begira lan egiten duten eta ekonomia-aberastasuna sortzen duten udalerriko kultura- ekipamenduak. Izaskunen parte-hartzearen ondoren, Xabier Agote Pasaia Itsas Festibalaren zuzendariak hartu zuen hitza jaialdiaren jatorria eta San Juan galeoiaren berreraikitze proiektua xehetasun gehiagorekin kontatzeko.

Horrelako ekitaldietan ohikoa den bezala, parte-hartzaileek formazioa eta aisialdia uztartu zituzten, eta Pasaiak eta Oarsoaldea eskualde osoak dituen aisialdi-proposamenak ezagutzeko aukera izan zuten. Bertaratutakoek Albaola eta XVI. mendeko San Juan ontzia berreraikitzeko proiektua gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.

Pasaia Itsas Festibalak aukera hau aprobetxatu nahi du DIT Gestión-i eskerrak emateko, Pasaiaren aldeko apustua egin duelako horrelako ekitaldi garrantzitsuak bertan antolatzen, eta Bidaia Agentziena bezalako publiko hain garrantzitsuaren aurrean euren proiektua ezagutzera emateko aukera eskaini diolako.

Pasaiako Itsas Festibalean bisita daitezkeen itsasontziak:

Marité

Frantziako bandera eramanaz, 1922an eraikitako eta urtebete geroago uretaratutako Marité ontziak bakailao-ontzi eta kabotaje-ontzi gisa hasi zuen itsas bizitza. Kubiertatik ontziak duen luzera izugarria ikus daiteke, baita hamasei belak ere, guztira 650 metro inguru oihalez osatua.

La Recouvrance

XIX. mendeko ontzi militar baten erreplika, jatorrian presazko postaren garraiorako. Brest-en ikurra eta Bretainiako hiriko enbaxadorea. La Recouvrance hiriko barrutirik ospetsuenaren izena darama, non marinelen ama eta emazteak Andre Mariari errezatzen zioten itsasoan zeuden euren senar eta semeak babesteko.

Oosterschelde

Danimarkako eta Suediako banderak txandakatuaz ibili zen urte askotan. 1988an berriro itzuli zen Herbeheretara eta, berritze lanen ondoren, gaur egun, mota horretako azken ontzi holandarra da, jardunean jarraitzen duena eta monumentu nazionaltzat jotzen dena.

Eta askoz gehiago!