PASAIA ITSAS FESTIBALA 2022, FESTIBAL JASANGARRIA

Apirilaren 28an MATER atun-ontzian aurkeztu dira maiatzaren 26tik 29ra Pasaiako itsas izango diren jasangarritasun-neurriak.

Ekitaldian iraunkortasunarekin lotutako hainbat eragile izan dira, baita erakundeetako ordezkariak ere:

    • Izaskun Gómez, Pasaiako alkatea eta Pasaia Itsas Festibaleko (PIF) lehendakaria 
    • Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua
    • Xabier Agote, PIFeko zuzendaria eta Albaolako lehendakaria
    • Ana Manzano, Pasaiako BLAS DE LEZO LHIIko  zuzendaria, eta Gema Ces, Pasaiako BLAS DE LEZO LHII ikastetxeko zuzendaritzako kidea.
    • Izaskun Suberbiola, Mater Ontzi museo Ekoaktiboaren zuzendaria
    • Xabier Izkierdo DON BOSCO Lanbide Heziketako Zentroko elektronikako irakaslea eta Itsaseguzki proiektuaren tutorea eta Unai Carrasco, Mantentze Elektronikoaren zikloko ikaslea eta proiektua garatu duten ikasleen taldeko kidea.

Izaskun Gomezen hitzetan, eta jaialdiaren filosofia hori izanik, Pasaia Itsas Festibalaren helburu nagusia itsas ondarea berreskuratzea, balioztatzea eta zabaltzea da, eta ondare hori Pasaiako apustu estrategikoetako bat bihurtzen ari da. Era berean, beste helburu nagusietako bat eraldaketa kultural, ekonomiko eta sozialari laguntzea da. Horregatik, jaialdiaren oinarri diren balioak eta atributuak identitatea, lankidetza, elkartasuna eta jasangarritasuna dira.

Jasangarritasunaren filosofia hori ingurumenarena baino haratago doa, eta horren barruan mota guztietako ekintzak aurkitzen ditugu, hala nola hurbileko eragileei festibalaren programazioa sortzeko proposamenak aurkezteko aukera eskaintzea, edo hornitzaileak, ahal den neurrian, 0 km-koak izatea (aurreko edizioko zifrekin jarraitzeko ahalegina, lurraldeko enpresetan inbertitutako aurrekontuaren % 80rekin), era berean, irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta lurraldeko GKEei espazio nabarmena emanez, edo iraunkortasunaren arloan erreferenteak diren proiektuetan parte hartzera gonbidatuz. Neurri arruntagoak ere hartuko dira, hala nola etorkizuneko edizioetan berrerabiliko diren azpiegiturak sortzea, material inprimatuaren kopurua murriztea, jantoki solidarioan berrerabil daitekeen baxera erabiltzea eta garraio publikoaren eta bidegorrien erabilera sustatzea, besteak beste.

Testuinguru horretan, natura-ingurunea errespetatzeko eta ingurumenean ahalik eta eragin negatibo txikiena izateko helburuarekin, festibalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren laguntza izan du, besteak beste. Horregatik, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu Jose Ignacio Asensiok lankidetza hori zertan datzan azaldu du. Hasteko, esan zuen itsasoak eta ibaiak gure biodibertsitatearen ezinbesteko elementuak direla, eta, beren funtzionamendu ekologiko osoan, klima-aldaketari aurre egiten laguntzen diguten karbono-hustubide nagusiak direla. “Ingurumen Sailetik sentsibilizazio-ekimen ugari bultzatzen ditugu Gipuzkoako hainbat eragilerekin, eta Pasaia Itsas Festibalak eszenatokirik onena eskaintzen digu itsas hondakinen arazoa murrizteko eta itsaso garbi batzuen babesean sentsibilizatzeko beharraren inguruan herritarrak kontzientziatzeko kanpainak bultzatzen jarraitzeko.” Lankidetzari dagokionez, adierazi zuen helburua jaialdi eta ekitaldi iraunkor gisa eratzea dela, eta “festibal bat non, bertako jarduerak sortu eta diseinatzean, jasangarritasunaren irizpidea txertatuko dena, ahalik eta karbono-aztarna txikiena duen festibal bat eraikiz, ahalik eta hondakin gutxien sortuko duen jaialdi bat, jaialdi iraunkor bat, bere ingurunean eragin sozial eta ekonomiko positiboa sortuko duena, ingurumena kaltetu gabe eta, jakina, inor albo batera edo atzera utziko ez duena”. Ildo horretan, jaialdi jasangarri gisa eratzea sustatzeko, Ingurumen Sailak hainbat ekimen hartuko ditu bere gain, hala nola edalontzi ekologikoak erabiltzea, hondakinak sor ez daitezen.

Ondoren, Pasaia Itsas Festibaleko zuzendariak, Xabier Agotek, hitza hartu zuen, eta adierazi zuen Jaialdi honek oinarri duen DNA jasangarriaz gain, Trintxerpeko kaian ere espazio bat izango duela, jasangarritasunaren ikuspuntutik erreferenteak eta estrategikoak diren proiektuetarako erreserbatua. Proiektu horietatik asko ikasteko aukera izango dugu: Scylla, Ortze, Mater eta Itsaseguzki. Pasaiako BLAS DE LEZO LHIIko zuzendari Ana Manzanok, hitza pasa aurretik, eskerrak eman dizkio prestakuntza-zentro honi, bere inplikazioa eta jasotako babesa direla eta. Izan ere, besteak beste, ikastetxe honetako ikasleak arduratzen ari dira edizio honetan espero diren 150 ontzi baino gehiago Pasaiako badian amarratu ahal izateko ainguratzeak jartzeko ezinbesteko lanaz.

Pasaia Itsas Festibalean dauden proiektu iraunkorrak: 

Itsasoko ingurumen-jasangarritasunaren ikuspegitik lau proiektu nabarmendu dira gaur Mater Museoan:

SCYLLA

Scylla Wings of the Ocean irabazi-asmorik gabeko erakunde frantziarra, Frantziako kostaldean garbiketa-lanak antolatzeko erabiltzen dituen bi itsasontzietako bat da, bai Mediterraneoan bai Atlantikoan, ozeanoan amaitzen diren hondakinak murrizteko helburuarekin egiten du lan. 2021ean, mota horretako 220 operazio antolatu zituzten, 60 tona hondakin baino gehiago bilduz, 250 boluntarioren parte-hartzearekin eta 3500 pertsonako irismenarekin. Operazio horiekin batera, gure ozeanoetako kutsadurari buruzko sentsibilizazio-kanpainak egiten dira, eskoletako haurrei zein bertakoei, nabigatzaileei eta turistei zuzenduak, guztiak Zero Waste «Zero Hondakin» bizimoduarekin bat egin dezaten.

Maiatzetik aurrera, Scyllak 2022rako misio berria hasiko du, 100 garbiketa-eragiketa egiteko helburuarekin Ozeano Atlantikoan. Itsas ekitaldi batean egingo duen lehen geldialdia Pasaia Itsas Festibala izango da eta, beraz, maiatzaren 26tik 29ra 28 metroko luzera duen ontzi hau eta Wings of The Ocean proiektua ezagutzeko aukera izango dugu. Zinemaldia amaitu eta hurrengo bi egunetan zaborra biltzeko eragiketa bat egiteko konpromisoa hartu dutela azpimarratu du.

ORTZE Pasaiako CIFP BLAS DE LEZO LHII 

Ana Manzano Pasaiako CIFP BLAS DE LEZO LHII-ko zuzendariak eta Gema Ces ikastetxe bereko zuzendaritzako kideak ORTZE-CV proiektua aurkeztu dute. I+G proiektu bat da, eraginkortasun energetiko handiko irtenbide berritzaileak garatzera bideratua, kostaldeko ontzien isuri kutsatzaileak murrizteko. Ingeteam buru duen euskal partzuergo batek bultzatu du ekimena. Bertan, ontzi-enpresek, ikerketa-zentroek, unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek ere parte hartzen dute. 2016an hasi zen proiektuaren emaitza sistema hibridoa da, eta bateria elektrikoak eta diesela sortzeko instalazio bat ditu, potentzia handiko ontzietan instalatu daitekeena. Estatu mailan aitzindaria den teknologia honi esker, itsasontziek kostaldetik gertu arrantzatu ahal izango lukete gas kutsakorrik eta zaratarik gabe.

Teknologia hori Pasaiako BLAS DE LEZO LHII ikastetxeak jarduten duen Ortze eskola-ontzian instalatu da. Horrela, Euskadin diseinatu, garatu eta operatutako lehen itsasontzi elektrikoa bihurtu da, estatu osoan teknologia bakarra duena. Asmoa da ontzia erreferente bihurtzea eta itsas garraio eraginkorrago eta iraunkorrago baterako prestakuntzan eta ikerketan aurrera egiteko aukera ematea, ontzi elektrikoetan ez ezik, behar den ekosistema osoan ere ezagutza emateko.

MATER MUSEOAREN «IZAN ITSAS ZAINDARI» KANPAINA

Itsas Zaindari kanpaina eta bere ekintzak Mater Barco Museo Ekoaktiboko zuzendariak aurkeztu ditu, hiru ekintza nagusitan laburbilduta:

MATER museo Ekoaktibo Itsasontzira bisitak

Egurrez egindako azken euskal atunontzia bisitatzeko aukera egongo da. Itsasoak duen garrantziaz ohartuko dira bisitariak erronka ezberdinak egitera gonbidatuz. Era honetan haiek ere itsas zaindari bihurtu eta ekintzetara pasatzea lortu nahi da.

ITSAS ZAINDARI txokoa

Adi, Itsas Zaindarien bila dabiltza! Itsasoa zaintzeko tokiko proiektuak ezagutaraziko ditu txoko honek,, eta ekintza txiki eta handietan parte hartzeko erronka eskeiniko zaie bisitariei: dinamika parte-hartzaileak, ukituz eta jolastuz, parte-hartzaileak itsasoaren zaintzaren protagonista bihur daitezen.

Itsas ZAINDARI martxa-batukada

Itsasoa zaintzeko martxa bat batukadaren erritmoan, nahi duen orok izena eman dezan eta Hondakinak munstroarekin eta Biodibertsitatea damarekin itsasoaren egoerari buruzko azken berrien berri izan dezan.

DON BOSCO LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXEKO ITSASEGUZKI

Amaitzeko, Xabier Izkierdo Lanbide Heziketako BOSCO ikastetxeko Elektronika irakasleak eta Itsaseguzki proiektuaren tutoreak eta Unai Carrasco Mantentze Elektronikoa zikloko ikasle eta proiektua garatu duten ikasle taldeko kideak Itsaseguzki aurkeztu dute. Prototipo hau Don Bosco ikastetxeko Elektronika saileko 6 ikaslek sortu eta garatu dute 2 hilabetetan, eta energia berriztagarrien kudeaketa eraginkortasunez erabiltzeko gai den itsasontzi berritzailea da. Berrikuntza nagusia, etengabe orientatzen duen eguzki-panela da, egiten duen ibilbidea edozein dela ere, teknologia horri esker % 30 eraginkorragoa da eguzki-energian.

Proiektu horiek guztiak eta beste asko Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioaren programazioaren parte izango dira, ontzi ezberdinen topaketa paregabea, hilabete eskas barru gozatu ahal izango dena. Ezinbesteko hitzordua, beraz, maiatzaren 26tik 29ra Pasaian.