PASAIA ITSAS FESTIBALA 2022 ELKARTASUNAREN TOPAGUNE

 

Pasaia Itsas Festibala Euskal Kostaldeko nazioarteko itsas- eta kultur- ekitaldi garrantzitsuena da. Lehenengo edizioan, Pasaiako Badia itsas kulturaz jantzi zen: ondare-balio handiko ehunka itsasontzi tradizional ibili ziren uretan eta belez bete zen Pasaia; aldi berean, musika, gastronomia, artisautza, tailerrak eta dibulgazio-ekitaldiak lehorrean egiten ziren.

Lau egunez, Pasaiak bere erritmoa, kolorea eta baita usaina ere aldatu zituen itsasoari eta bere biztanleei omentzeko, eta, hala, itsas enklabe handia dela aldarrikatu zuen.

Ontzi tradizionalen topaketa honen helburu nagusia gure itsas ondarea aldarrikatzea, balioestea eta zabaltzea da. Gure Ondarea Pasaiako eta Gipuzkoako apustu estrategikoetako bat bihurtzen ari da. Baina ez hori bakarrik. Pasaiako, Gipuzkoako eta EAEko gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren eraldaketa aktiboki bultzatzea du helburu. Horregatik, Jaialdia eragileen arteko sinergiak sortzeko eta ideia berriak sustatzeko tresna bat da, kulturari, ingurumenari eta elkartasunari begira.

Esparru horretatik sortu da ZAPOREAK edo Salvamento Maritimo Humanitario bezalako agenteekin lankidetzan aritzea. Besteak beste, maiatzaren 26tik 29ra egingo den bigarren edizioan parte hartzen arituko dira.

Zaporeak, gastronomia eta elkartasuna konbinatzen dituen proiektuak, jendeari laguntzen dio.

150 ontzi tradizional baino gehiago hurbilduko dira gure kostaldera maiatzaren 26tik 29ra, Pasaia Itsas Festibalean parte hartzeko, eta horiekin Europako hainbat lekutako 800 tripulatzaile.

Lehenengo edizioan bezala, Zaporeak GKEa arduratuko da itsas- hitzordu honetara etorriko diren tripulatzaileei eskainiko zaien jantoki solidarioaz. Horrela, tripulazio horietako askoren otorduak prestatuko dituzte, bi helbururekin: espazio komun bat eskaintzea tripulatzaileek elkarrekin bazkaldu eta afaltzeko oso prezio xumean, eta bildutako dirua ZAPORE SOLIDARIOS proiektura bideratzea, Lesbos uharteko errefuxiatu-eremuetan dauden pertsonei laguntzeko.

Horretarako, ezinbestekoa da beste eragile askoren laguntza, horretarako behar diren elikagaiak eta bitartekoak emanez. Eta horixe da prentsaurrekoaren beste helburuetako bat: enpresei dei egitea ahal dutenarekin bat egin eta laguntzeko. Orain arteko erantzuna oso positiboa izan da, eta elikagaien industriako eta banaketako 11 enpresa daude jada: PETRITEGI, LUMAGORRI, INSALUS, GORROTXATEGI HEGAZTIAK, BAQUÉ KAFEA, KELER, PEDRO LUIS ARTISAU-KONTSERBAK, URANZU BAKAILAOAK, URKABE, ANGULAS AGUINAGA eta SUPER AMARA. Antolatzaileek olatu solidario honetan parte hartu nahi dutenen helbide elektronikoa gogorarazi zuten: komunikazioa@pasaiaitsasfestibala.org