Oosterschelde, hiru makila eta 50 metroko luzerako ehun urteko goleta holandarra, Pasaiako uretan nabigatuko da

 

Belaz dabilen itsas eraikuntzaren monumentu honek Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioan parte hartuko du maiatzaren 26tik 29ra

Data hurbiltzen ari da. Pasaia bizitzaz, gatz zaporez eta kultura ezberdinez beteko da berriro. Itsasoa izango da berriro guztiaren erdigunea, eta hainbat nazionalitatetako 150 itsasontzik baino gehiagok zeharkatuko dituzte gure itsasoak. Eta Pasaia Itsas Festibala izango da kolore hau guztia bilduko duena.

Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioan ikusiko ditugun itsasontzien artean, Oosterschelde izeneko 3 makiladun goleta aurkeztuko dugu gaur. Goletak 50 metroko luzera du, eta aurten parte hartuko duten ontzi guztien artean handiena da.

Oosterschelderen historia Lehen Mundu Gerraren ondoren hasten da. Herbehereetako itsas industria, itsasontzi askoren galeraren eta fuelaren prezioaren igoeraren aurrean, belaontzietan inbertitzen hasi zen, aldi berean arriskuak eta gastuak murrizteko. Gauzak horrela, garai hartan halako 500 itsasontzi eraiki ziren Holandan. 1918an eraiki zuten Oosterschelde goleta Rotterdameko Sailing Ship Fondation-en.

Kargaontzi azkar gisa eraikia izan zen, 400 tona merkantzia garraiatu ahal izateko diseinatua: buztina, egurra, harria, lastoa, sardinzarrak, bananak eta patatak, besteak beste.

Goletak 50 metroko luzera, 40’12 metroko kroskoaren luzera, 3 metroko sakonera, 7’5 metroko zabalera eta 891 m2-ko haize-orratza ditu.

1921ean itsasontzia Kramer kapitainari saldu zioten, Oosterschelde ontziarekin batez ere Europako eta Afrikako kostaldean nabigatu zuen 1939. urtera arte, Bigarren Mundu Gerraren atarian, Danimarkako enpresa bati saldu zioten arte, bere flotako ontzirik modernoenetako bat bihurtuz. Orduan izena aldatu eta Fuglen jarri zioten. 

1954an Suediako bandera hartu zuen. Belazko kargaontziak jada ez ziren merkantziak garraiatzeko bezain azkarrak, eta, beraz, ontzia kargaontzi soila bihurtu zen merkatuan jarraitu ahal izateko. Mastak kendu eta behaketa-dorre bat jarri zuten, eta Sylvan izenarekin nabigatzen hasi zen 1988ra arte. Urte hartan Holandara itzuli eta jatorrizko erara berrezarri zuten.

Zaharberritze-planak ikerketa historikoei esker eta eraldatu aurretik ontzian nabigatu zuen azken kapitain alemaniarraren lankidetzari esker gauzatu ziren. Baina lanak oso garestiak zirela eta, Rotterdameko Sailing Ship Fondation-ek publizitateari esker ordaindu zituen zaharberritze-gastuak.

1990eko udaberrian hasi zen zaharberritzea, ontziolarekin lankidetzan aritu ziren 3 itsas museoren begiradapean. Ikuspegi horrek zaharberritzearen benetakotasuna bermatu zuen. Horrela, 1992ko abuztuaren 21ean, Margarita printzesak itsasontzia ofizialki onartu zuen.

Oosterscheldek egindako bidai aipagarrienen artean honako hauek aipa ditzakegu: 

    • 1994: Antartidara bidaia 
    • 1996ko urritik 1998ko apirilera arte: Munduaren inguruko bidaia, bereziki Indonesia, Hong Kong, Japonia, Zeelanda Berria, Hornos lurmuturra eta Antartika bisitatuz.

Itsasontzi honetan itsasaldi bat edonork egin badezake ere, Oosterschelden ontziratzeak baditu bere berezitasunak: bidaiari guztiek itsasontziaren bizitzan parte hartu behar dute, eguneko eta gaueko txandak ziurtatuz, eta hori benetako esperientzia da.

Gaur egun, Oosterschelde da ezaugarri horiek dituen Holandako azken ontzia, jardunean jarraitzen duena eta monumentu nazionaltzat hartzen dena. Gertutik edoeta barrutik ezagutu nahi duen ororentzat, Pasaiako badian amarratuta egongo da maiatzaren 26tik 29ra, eta bisitagarria izango da. Ontzia ikusteko irrikan, ezta?

Itsasontziaz informazio gehiago:

www.oosterschelde.nl